.column-right-outer .widget, .column-left-outer .widget { border-bottom:4px solid #000; padding-bottom:20px; }

2011-04-01

Europeanaren interfazea euskaraz.

© cc-by-sa  GFAko Kultura eta Euskara Departamentua. ¦ 2011-03-31 ¦ 19:18 ¦ BWEB

Gipuzkoa 2.0 programaren baitan, Europeanarekin elkarlanean aritu da Gipuzkoako Foru Aldundia, interfazea euskaraz garatu eta edukiak partekatzeko. Ekimen honen barruan, Europeanako Marketin eta Komunikazio zuzendariak, Anne Marie van Gerwenek hitzaldia emango du, Europenaren esperientzia, helburuak eta erronkak azalduz. Hitzordua da Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian, gaur ostirala apirilak 1, 10:00etatik 11:30etara.
Informazio eta Komunikazio Teknologiek (IKTek) aukera berriak irekitzen dituzte eduki digitalak sortzeko, globalki hedatzeko eta gizarte osoaren esku jartzeko.
2008an abiatu zenetik, Europeana Europa mailako ekimen arrakastatsuenetako bat da, aukera horiek baliaturik hiritarrei Europa osoko ondare kultural eta zientifikorako sarbidea bermatzen diena ingurumen eleanitz batean. Europeana ekimenari esker, Europako 1.500dik gora kultur erakunde 15 milioi edukiko liburutegi digital bat partekatzen ari dira soluzio eta aplikazio teknologiko komun batzuen bidez. Europeana ekimenean parte hartzen duten erakundeen artean aipagarriak dira Londresko British Library, Parisko Louvre eta Amsterdameko Rijksmuseum.
Gipuzkoa 2.0ren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetza estuan aritu da Europeana ekimenarekin bere interfazea euskaraz garatuz eta bere eduki digitalak integratuz.
Hartara, gaurtik aurrera, edozein erabiltzaile, liburutegi europarraren edukiak kontsultatzeko, baliabideak eskuratzeko eta abarretarako ibilia euskaraz egin dezake, beste edozein hizkuntzatan bezalaxe.
Kultura eta Euskara Departamentuaren Euskara Zuzendaritzaren lan berezia izan da Europeanaren interfasea euskaratzea. Horretarako, 1177 itzulpen unitate (funtsean esaldiak) euskaratu dira Euskara zuzendaritzako itzultzaileek, guztira. Itzulpena, funtsean, ingelesetik egin da, batzuetan beste hizkuntza batzuekin erkatuta. Itzulpen lana Jokin Aiestaran itzultzaileak egin du, Euskara Zuzendaritza Nagusiaren koordinazioaren pean.
Europeanak, Herbeheretako Liburutegi Nazionalean du egoítza, Koninklijke Bibliotheek-en. Europeanaren bidez, Europako museoetako bilduma digitalak, liburutegiak, artxiboak eta ikusentzunezko artxiboak kontsultatu daitezke.
Aurki daitezkeen obratako batzuk, mundu osoan dira ezagunak, hala nola, Isaac Newtonen fisikaren legeen inguruko liburua, Leonardo da Vinciren marrazkiak edota Johannes Vermeerren La joven de la perla. Beste batzuk berriz, nork deskubrituko zai daude.
Europeana ekimenaren esperientzia azaltzeko, Anne Marie van Gerwen Europeanako Marketin eta Komunikazio zuzendariak Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara Diputatuarekin batera Koldo Mitxelena Kulturuneako areto nagusian ostiral honetan hitzaldia emango du. Gorago esan bezala, Hitzordua Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian, 10:00etatik 11:30etara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iritzia