Sareko Euskal Gramatikaren (SEG) atal guztiak Interneten kontsulta daitezke gaurtik aurrera.
31/03/2011 14:12:00
Gaur aurkeztu du EHUko Euskara Institutuak Sareko Euskal Gramatika. Wiki baten itxura dauka, adibideekin eta irudiekin ilustratua (irudietan, aurkikuntza bitxiak ere bai, bide batez). Kontsultarako, bi helbidetatik abiatzea onena:
- Gramatikaren eskema nagusia.
- Gaien aurkibide alfabetikoa.
Sareko Euskal Gramatikak bi berezitasun nabarmen ditu. Alde Batetik, Interneten dagoenez, gramatika arruntetan ageri ez diren hainbat lanabes erabiltzen dira sarean, hala nola testuak, argazkiak, irudiak eta kanpoko eta barneko estekak, besteak beste. Alde horretatik, gramatika guztiz "berritzailea" dela nabarmendu dute arduradunek.
Adibide gisa, demostratzaileen komunztadura kontsultatu dugu. Zalantza hau bertan, besteak beste.
- Nola esan behar da, nahiko ala nahikoa: nahiko lan ala nahikoa lan?
Ba biak omen daude ondo. Hala ere, orrialde berean apur bat argitu gabe geratzen da ea ondo dauden bizkaierazko forma hauek: hau mutilau; honek mutilak esan du; hauek mutil guztiak; honek gizon guztiok.
Beste alde batetik, gramatika bat egiteko gramatikariek erabiltzen dituzten materialak bere horretan ematen dira: testuak, hiztegiak, hitzen erabilerak, euskalkien berriak... Horiek guztiak modu autonomoan kontsulta daitezke.
Horrekin batera, gramatika batean ageri ez diren gaiak ere ikusi ahal dira: hizkuntzaren jabekuntza, prozesamendua, fonetika eta fonologia, zalantzak argitzeko tokiak eta abar.
Proiektu honetan materiala etengabe gehitu da eta datozen hilabete eta urteetan ere sartzen jarraituko dute arduradunek. Horregatik, atal batzuk beste batzuk baino landuagoak daude.
Euskarari dagokionez, "modernoa", gaur egungoa erabili da. Hiztegiaren atalean 2000tik aurrera idatzitako testuak bakarrik hartu dira kontuan, hau da, Euskaltzaindiak "Hiztegi Batua" argitara eman zuenetik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iritzia