Roge Blasco kazetariaren "La casa de la palabra" gaurko irrati programan Juan Bautista Mendizabal eta Gurutz Garmendia azkoitiar historialariekin elkarrizketa interesgarri bat izan da.
Bertan Euskal Mitologiaren inguruko kontuaz hizketan aritu dira, eta horien artean, duela urte gutxi Izarraitz mendikatean dagoen baserri batean "Amuteko Damie"ren (Azkoitian horrela izendatzen da euskal mitologiako pertsonai nagusia den Anbotoko Dama) irudi bat nola aurkitu zuten kontatu dute. Irudian, harrian tailatuta, buru bat ilargiaren koro batez inguratua azaltzen da. Aurkikuntza hau harrigarria da, aurkitzen den euskaldunen mitologiako "Mari" jainkosaren lehenengo irudia izan daitekeelako.
Informazio bila internetera jo det eta Azkoitiko Maxixatzen 2009ko urtarrilaren 23ko alean Juan Bautistari eta Gurutzi gai honen inguruan eginiko elkarrizketa interesgarri hau aurkitu dut.
Aizpuru baserrian "Mari"rena izan litekeen irudia dago harrian landuta
(Azkoitiko herri aldizkarian egindako elkarrizketa 2009ko urtarrilaren 23a MAXIXATZEN)
Aizpuru baserrian “Mari”rena izan litekeen irudia dago harrian landuta. Juan Bautista Mendizabalekin eta Gurutz Garmendiarekin mitologian eta historian zehar bidaiatu dugu.
Aizpuru baserrian “Mari”rena izan litekeen irudia dago harrian landuta. Juan Bautista Mendizabalekin eta Gurutz Garmendiarekin mitologian eta historian zehar bidaiatu dugu.
Juan Bautistak, herriko historian zehar bidaiatzea du atsegin; Gurutzek, berriz, euskal mitologian barneratzea du gustuko. Biei esker izan genuen irudi horren berri. Olasoko bidean kokatuta Izarraitz pare-parean du Aizpuru baserriak. Hango bertako kantoi batean, ertz batean, harrian landuta dagoen irudi bereziak aurrena Juan Bautistaren eta, ondoren, Gurutzen jakin-mina sorrarazi zuen. Irudia bi paretatan dago landuta eta hormaren beheko aldean dago kokatuta. Ez da oso handia, baina bai oso berezia: emakumeak aurpegiaren inguruan ilea du, ilea edo ilargiaren irudikapena zitekeena. Eskuak aurpegiaren behealdean, okotzaren azpiko aldean elkartzen direla dirudi. Izarraitzi begiratzen dio emakumeak.
Bi azkoitiarrekin Aizpuru baserriaren historiaz eta Mariri buruz Azkoitiak jasota duen altxorraz hitz egin genuen, lehendabizi. Ondoren, ilargia atera aurretik, basoaren iluntasunean Kalpartso baserriaren hondakinak ikustera abiatu ginen. Izan ere, Oteizaren aitona jaio zen baserria ez dago hemendik urruti eta ez da Sorginen putzua ere.
Juan Bautista Mendizabal, nola izan zenuen irudi horren berri?
Oraintxe bertan ez naiz gogoratzen zein izan zen eta pena da, baina batek esan zidan bailara honetan, bai Albitxurin eta baita Aizpuru baserrian ere, Ama Birjinen irudiak zeudela, bata teilatupeko egur batean eta bestea kantoian. Albitxuritarrek modernoagoa zela esan zidaten eta hona etorri nintzen gero. Hemengo ama Manula ezagutu nuen nik, 89 urterekin orain dela 12 urte hil zen emakumea. Manula hura nik bizkor ezagutu nuen, hark berak erakutsi zidan irudia. Ama Birjina ez zela iruditu zitzaidan. Gero, Gurutzi, badakit honelako gauzak interesatzen zaizkiola eta, behin esan nion enigma bat zegoela zer zen ez nekiena. Aste honetan deitu dit bero-bero eginda irudiak inguruan duena “iletargia” dela esanez.
Gurutz: Niri Juan Bautistak esan zidan irudia hemen zegoela. Udaran izan zen, orduan Munoaundin ari ginen indusketak egiten eta etorri egin ginen ikustera. Inork ez zekien zer zen, baina nahi genuen Mari edo antzeko zer edo zer izatea.
Argi zenuten Ama Birjina ezin zela izan?
Bai, Juanbak esaten zuen hark Ama Birjina ezin zuela izan. Ni euskal mitologiaz irakurtzen eta ikasten asko aritzen naiz, begira eta begira ibili nintzen, baina ezin nuen zer zen asmatu. Barandiaranen hitzetan Azkoitian Mari buruan ilargia zuen emakume bezala irudikatzen zutela irakurri nuen eta orduantxe konturatu
nintzen Aizpuru baserriko ertzean dagoen emakume irudiaren burua inguratzen duena ilargia izan zitekeela. Gero, Alfontso Mtz. Lizarduikoa eta Jon Baltzaren “Mariren erradiografia” liburuan irakurri nuen bezala, argi azaltzen da Mariren burua ilargiaz inguratuta ikusten zutela batzuek. Euskal Herriko mitologian ilargiak indar handia izan du, bai egutegian, bai emakumearekin lotutako gauzetan, hilerokoa, esaterako, bai nekazaritzan edota ilea mozterakoan. Euskal Mitologian “dibinidadeek”, “jainkotasunek” ilargiarekin lotura handia zuten.
Euskal Herriko zenbait tokitan irudikatzen den Mari pertsonaiaz beraz ari zarete....
Bai, Mari Ama Lurraren adierazpena izango litzateke. Gainontzekoak ere hala dira, baina Mari da Ama Lurraren adierazpen nagusia. Lurreko indar sortzailea da. Beti kobazuloetan azaltzen da Mari, bai Murumendin, bai Anboton... hemengoari, Barandiaranek esaten du, deitzen ziotela Amuteko Damie. Irudi hori Amuteko Damie izango litzateke, Mari balitz... Agian, hemen inguruan, Amutekoa izeneko kobazuloren bat egongo da edo egongo zen...
Ordea, aitatu duzunez, garai batzuetan guk mitologia deitzen duguna ez zen sineskeria hutsa...
Ez, beraien erlijioa zen; gero kristautasuna sartu zen eta baztertu bezala egin zuten eta akaberan mitologiatzat geratu da.
Juanba historian galtzen den bezala, zu mitologia arakatzen ahalegintzen zara. Zer dela-eta?
Joera eta gustu hau betitik izan dut, txikitatik.
Izarraitzpe inguruotan, ba al da euskal mitologiaren pertsonaien bestelako aipamenik, Juanba?
Bai, Gurutzek ondo esan duen bezala, badago horrelakorik, Mari Kutzeko putzue... esate baterako. Aita Barandiarainek berak, 1981ean, kontatu zidan Azkoitian jasotako kontua. Baten bat hiltzen zenean, izara zuria ateratzen zen teilatu gainera, aurreko baserriari begira; aurreko baserrikoek, besteari begira; eta besteek, besteari, bailara osoan zehar; eta azkenekoak, basoari erakusten zion zapi zuria, basoko jaunei bailaran baten bat hil zela adierazteko. Oteizaren aitona, bestalde, “Kalapartso” baserrikoa zen, eta hemen inguruan daude baserriaren hondakinak. Hark kontatu zidan mutil koskorretan baserrira etorri zela eta “attittekin” zegoela zaldi zuria irten zitzaiola. Berak esaten zuen hori Atarrabi izango zela, mitologian pertsonaia ona, Mikelats txarra zen bezala. Hori entzunda esan nion Azkoitian bazela beste pertsonai txarra: Txintxilon irteten zen Zezen Gorria.
Juan Bautista Mendizabalekin eta Gurutz Garmendiarekin mitologian eta historian zehar bidaiatu dugu Irudia ez da oso handia, baina bai oso berezia: emakumeak aurpegiaren inguruan ilea du, ilea edo ilargiaren irudikapena zitekeena. Eskuak aurpegiaren behealdean, okotzaren azpiko aldean elkartzen direla dirudi
Gurutz: Hor bertan daude Ekain, Praileaitz eta hor daude kobazuloetan zezenak eta bisonteak gorriz margotuta. Gaur egun zezengorriak edo behigorriak deitzen zaie, euskaldunentzat gorria sakratua zelako. Gaur egun, oraindik, Lasturren zezenak daude.
Mariren irudia kantoi honetan Izarraitzi begira dago, baina baserriaren beraren
berri jasota duzu zuk, Juan Bautista.
Etxe hau 1670. urtean erre egin zen eta hurrengo urtean eraiki zen Aizpuru baserria, orain ezagutzen dugunaren antzera. Etxeak lau teilatu-alde zituen eta Oñatiko artxibategian jasotako agirian azaltzen denez, garai horretan egiten zen bezala egin nahi izan zuten eta Olazabal baserria aitatzen da horren adibide. Bertako aita eta suhia harginak ziren, nagusiak, eta etxea egin zuten arotzekineta kontuak egiterakoan azaltzen da elkarrekin egindako lanen artean Kalpartso baserrikoak. Agiri horrek inguru honetako hiru baserri aitatzen ditu, gutxienez: bat, erre zen baserria, Olazabal bezalakoa egin nahi zela eta bestea Kalpartsokoa kontuak egiterakoan. Beraz, garai horretan bailarako hiru baserri hauek hemen ziren.
Gurutz: Andre horren irudia baliteke data hau baino zaharragoa izatea, lehengo baserrikoa, eta data honetatik aurrera ere sinesmenarekin jarraitu zutela azaltzen du.
Juanba: Baliteke garai horretakoa izatea, bazeudelako horrelako sinesmenak. 1729an, Peñaflorida kondea jaio zen urte berean, Martitten sorginen aurkako prozesua izan zen. San Silvestre egunean harrapatu zituzten bi neska koskor, hil berriak ateratzen zituztelako, gero Olotzagako baserrian hautsak egiteko hezurrekin. Bailara itxiak ziren eta hemengo baserriak maldetan daude. Hemen, ganadu, zuhaitz eta atarian landatutako baratze txiki batetik bizi ziren artzainak, ikazkinak... ziren. Gu mitologia kontuetan oso gustura ibiltzen gara, oso gurea dugulako. Askotan Izarraitz izarren haitza dela pentsatu nahi dugu, baina izenak jartzerakoan ekonomiari asko begiratzen zitzaiola kontuan izan behar dugu. Era horretan itsasotik hurbilen dagoen haitza da Izarraitz, “transhumantzian” ibiltzen zirenean Izarraitzen bukatzen zutelako. Beste adibide bat emango dizut: Otzolarre, otsoen mendia izan daitekeela aitatzen da, baina hotzetako larreak esan nahi du, erabat ekonomikoak ziren kriterioak erabiltzen zituzten gure arbasoek ere. Mitologia gaiek balorea dute 2009. urtean egon arren, kontu horietaz ari garelako hitz egiten, eta Aita Barandiaran atzo hil zela esan dezakegu.
Gurutz: Lehen, naturarekiko errespetua zuten, orain ez duguna; lehen, arbola botatzerakoan barkamena eskatzen zuten, eta agian kontu horietara bueltatu egin beharko genuke.
“Mariren erradiografia” liburuan aurkitutako Mariren irudia
Mari eta euskal mitologiaren beste pertsonaia batzuk
Alfontso Mtz. Lizarduikoaren eta Jon Baltzaren “Mariren erradiografia” liburutik hartu dugu Mariren irudi hau, Gurutzek hala erakutsita. Irudiaren azalpen gisa liburuan jasotzen den ondoko testua gureganatu dugu:
“Eguzkia amaren haurra da, eta antzina eguzki amandrea esaten zitzaion. Behin sortu ondoren, eguzkia a-mari da- letra xehez- Mari itxuraldatu egiten da eta modu askotan agertzen da, eta beste a-mari batzuekin, esate baterako Ilargiarekin (hori eta lurraren haurra: Ilargi amandrea), gauzak, animaliak, harriak, mendiak, ekaitzak eta beste osatuko ditu, eta horri guztiari Mari esaten zaio- letra handiz-
Gurutzek berak jasota ditu Mariri buruzko zenbait kontu eta horietako batzuk dira ondorengoak:
“Era askotara ikusten omen zuten Iraurgiko biztanleek Anbotoko Damaren irudia hegaz. Batzuek suzko igitaia bezalakoa ikusten zuten; beste batzuek, berriz, zaldi zuri baten gainean sua zeriola ikusten omen zuten. Gustura etortzen omen zen Anbotoko Dama edo Iraurgi aldean ezagutzen den Amuteko Damie Izarraitz aldera (...) Azkoitiko ipuin batetik ageri denez, Marik, Maju deritzan senarra omen du, eta Mariren antzera agertzen omen da. Numen biok elkartzen direnean, izugarrizko euri-jasak eta kazkabarrak egiten omen ditu. Baliteke Maju eta Goierriko Sugaar bat izatea”.
Euskal mitologiak hainbat pertsonaia eman ditu ezagutzera eta horiek dira numenak edota alegiazko izaera duten izakiak. Horietako bat da Mari, eta haren senitartekoak dira Maju, Atarrabi edo Mikelats. Akerbeltz, Basajaun, Behigorri edo zezengorri, Etsai, Gaizkine, Gaueko, Herensuge, Inguma, Iratxoak, Jentilak, Lamiak, Galtzagorriak, Odei, Olentzero, edo Tartalo dira gure mitologiatik ateratako beste numen batzuen izenak.
Mariri dagokionez, aipatu, bere etxea leizea edo kobazuloa dela. Etxe asko ditu eta kobazuloetan barruan ibiltzen denean, ahuntz edo oilo hankak ditu, baina kanpoaldera ateratzen denean, emakume ederraren itxura hartzen du. Mari lurraren antzirudia da eta ahaide edo jenio guztien ama. Bi ume izan zituen senar Majurekin: Atarrabi eta Mikelats. Atarrabi zintzoen ahaidea da. Etsairen ikaslea izan zen anaia Mikelats bezala. Itzalik gabe bizi omen da, baina bizitzako azken uneetan berreskuratu egingo omen du. Mikelats, aldiz, gaiztoen ahaide da. Ekaitzak eta harriak botatzen ditu artaldeak eta uztak hondatzeko. Majuk beste izen batzuk ere hartzen ditu: Sugaar edo Sugoi bezalakoak. Izan ere, Mariren senarrak suge itxura hartzen du eta suzko igitaia bailitzan zeharkatzen du zerua. Ostiralero lur barrutik irteten da, Marirekin elkartzen da eta ekaitzak sortzen dituzte. Gurasoei kasu egiten ez dietenak zigortu egiten ditu. Zezengorri kobazuloetan bizi den gizaki gaiztoa da. Behi edo zezen gorriaren itxura hartzen du eta Mariren etxeak zaintzen ditu.
Ondoko irudian Mari bat daukagu, bost ezaugarrirekin, hau da, amaren bost errepresentaziorekin, edo nahiago izanez gero, bost marirekin: emakumea, sugea, sua, eguzkia eta ilargia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iritzia