.column-right-outer .widget, .column-left-outer .widget { border-bottom:4px solid #000; padding-bottom:20px; }

2012-12-06

XXX. Euskal Antzerki Topaketen Udalaren balorazioa


Aurtengo edizio honetan jende ugari hurbildu da Soreasu Antzokira, erantzun ona jaso dugu, beraz, eta hori benetan eskertzekoa da. Guztira, hamazortzi antzezlan taularatu dira, haur, heldu nahiz gazteei zuzenduak.

         Eskola antzerkian ere aukera zabala izan da; izan ere, zazpi antzezlan izan ditugu ikusgai, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako haurrek egindakoak. Beraien arteko desberdintasunak nabariak izan dira, baina guztien lanak benetan txalotzekoak.

         30. edizio honetan ahalegin handia egin nahi izan du Udalak beste urte batez Euskal Herrian izen, joera eta garrantzi handia hartu duen ekitaldia antolatu eta herritarrei nahiz kanpotarrei ahalik eta egitarau zabalena eskaintzeko.

Gainera, Azpeitiak antzerkirako duen tradizio honen emaitza bezala, EHAZEk, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, bere egoitza Enparan Dorretxean duela eta, aurtengo ekitaldi honetan, “Euskal Teatro berri baten beharra: Euskal Komedia” izenburuarekin mahai ingurua antolatu du Sanagustin Kulturgunean.

Hizlariak Mikel Martinez, Itziar Elias, Esther Uria, Alaitz Olaizola eta EHAZEko kideak izan dira. Emaitza interesgarri eta positibotzat jo dute, eta datorren urtean jarraipena emateko gogoa azaldu dute.

Bestalde EHAZEk, aurten eta lehenbiziko aldiz, Azpeitian ospatzen diren Topaketa hauetan eman dio Agus Perezi (Berriako antzerki gaietarako kritikoari) III. Antzerkizale Saria, Soreasu Antzokian eta gaueko 21:30ean, antzerki emanaldia hasi aurretik.

Azaroaren 2an hasi eta 18ra bitartean era guztietako saioak ikusteko aukera izan dugu; besteak beste, talde profesionalak, amateurrak eta haurrei zuzendutako euskarazko obra onenak iritsi dira Azpeitira.

Eskaini diren lan guztien artean, bi estreinaldi nabarmendu behar ditugu; batetik, topaketak irekitzeko, Artedramaren eskutik, “Publikoari Gorroto” emanaldi berri-berria eskaini da azaroaren 2an Soreasu Antzokian. Bestalde, Glu-Glu produktorak, azaroaren 9an, iluntzeko 20:00etan eta gaueko 22:30ean, Galder Perezen zuzendaritzapean “Su txikitan” obraren estreinaldia izan dugu. Bestalde, obra honek aurre-estrenaldi edo pase berezi bat ere izan du udaletxeko ganbaran, azaroaren 6an, asteartea, iluntzeko 20:00etan.

Ikuslego aldetik estreinaldi benetan arrakastatsua izan du, eta egokitzat jo da antolatzaileen aldetik bi emanaldi programatzea egun berean, bata iluntzeko 20:00etan eta bestea 22:30ean: Horren ondorioz, 550 ikusletik gora izan ditu antzokian eta udaletxeko ganbaran egin zen aurre-estrenoan.

Bestalde, Antzerki alternatiboaren sailean, Erika eta Ane aktoreekin bat eginik, aurten Aldatzen Laguntzen taldea ekarri dugu Gaztetxeko aretora. “Ispilua” izan da obra arrakastatsua. Gaztetxea leporaino jendez beteta. Topaketen barruan eta ohiko eszenatokitik kanpo, formatu txikiko lanei eta lan bereziei tartea egin zaie, iaz bezalaxe kafetxo bat hartuz.

Gainera, aurtengo Antzerki amateurrak ere bere egun bereziak izan ditu Topaketen baitan. Azpeitian arrakasta handia izaten duen modalitatea da. Horrela, azaroaren 15-16-17an punta-puntako talde ezagunak izan dira: horien artean aipagarrienak:

1.- Koldarrak taldea “Izan bedi emakumea” obrarekin, eta nola ez,

2.- Azpeitiko emakumeen tailerra bere azken lanarekin, “Bai, nahi dut”

Profesional mailan, berriz, jendetza handia izan da Soreasu auditorio berri honetan, eta ikusleek gozatu egin dute hainbat antzezlanekin. Sail honetan Pausoka eta Glu-Gluk “Goenkale” izena duen obra aurkeztu digute; Tartean Teatroak, berriz, “Lingua Nabajorum” eta “Alabatxo” bere azken obra interesgarria eskaini digu; eta aipagarria da Panta Rhei taldeak taularatu duen “Auzokideak” lanarekin Soreasu Auditorioa bete-bete egin zela.

ESKOLA ANTZERKI TOPAKETAK:

Hilaren 12tik 15era, haur eta gaztetxoei zuzendutako emanaldiak izan dira goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 15:30ean.

Ikusleak Azpeitiko, Azkoitiko eta, oro har, Urola bailaratik etorritako ikasleak izan dira.

Euskal Antzerkirik izango bada, “harrobia” ere landu eta zaindu beharra dagoela gogoratu eta kontuan hartzen dugu urtero antolatzaileok. EAEn, batez beste, 240 ikastetxetan landu da ikasturte honetan euskarazko antzerkia, eta ia 780 taldetxo aritu dira antzerkiaren lanketan. Azpeitiko Topaketa hauek EAEko bazter guztietako ikasleen antzerki emankizunen eraskusleiho dira, batetik, eta bestetik, eskualdeko antzerki-ikusleen “harrobia”ren lanketarako gune bilakatu dira.

Era askotako antzezlanak izan ditugu, batzuetan hitzezko testua nagusi, besteetan dantza eta hitz-gabeko hizkuntza, efektu bereziak eta musika ugari ere bai, baina guztietan ikus-entzule asko, hirurehun pertsona batez beste emanaldiro.

Ahaztu gabe aipatu beharra dago aurtengoan ere antzerkia ikusteko Soreasuko antzestokia, argiteria eta batik bat soinua ondo antolatuta egon direla, eta kalitatea zaindu dela. Teknikoki maila egokia izan du antzerki ziklo osoak.

IKUSLEEN SARIA

Ikusleen Saria, berriz, guztiz arrakastatsua izan da, eta ia ikusle guztiek parte hartu dute nolabait beren botua emanaz edo balorazioa eginez. Aurtengoan, haurrei zuzenduriko ikuskizun interesgarria taularatu digu Panta Rhei taldeak eta 600,00 euroko diru-saria irabazi du “Auzokideak” lanarekin.

Antzerkia ikusi eta gozatzeko parada bikaina izan da. Eta guztia euskaraz; euskara hutsean aritzen diren taldeen eta lanen erakustoki eta sustatzaile izatea baita Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen helburu nagusia.

Beraz, XXX. edizio honetan kolore eta mota guztietako lanak izan ditugu, umorez beteak nahiz istorio serioak. Jendearen erantzuna berriro ere eskertzekoa. Batik bat ezin dugu ahaztu haur eta gaztetxoen portaera antzokian. Aurten eta lehenbiziko aldiz eskatu zaie antzerki saioan goxokirik ez jateko, eta izugarrizko erantzun ona jaso da. Esker mila parte hartu duten gaztetxo guztiei antolatzaile guztien partetik.  Besterik gabe, datorren urteko udazkenera arte.


2012ko azaroa

AZPEITIKO UDALA

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iritzia